XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(Marinel Zaharrak-en aipatu bertso horien ondoan poetak zioskunez, zoriontsuak balira bezala, haririk astunenaren azpian, 37. or.).

Alegia, haria onartuz bizi gara, giza jendeak berez haragian itsatsirik dituen / katea luze / eta ilunekin (216. or.) apurtzen saiatu gabe eta, hain zuzen ere, horren guztiaren aurrean ezer egiten ez dugulako ez gara libreak. Bi hitzetan esateko, kateak edota hariak baino gehiago gure jarrerak gauzka lotuta.

Beraz, arazo nagusia ez dago harian nahiz katean, ez dago horrenbeste edonongo errealitate mingarrian, mundu zoroan, gugan baizik.

Gartzelako poemak-eko bertsook era ezin argiagoan salatzen dutenez, arazoa ez da egiten digutena baizik eta / egiten digutenaz egiten duguna (89. or.).

Horrexegatik, goian planteaturiko galderen erantzuna ere gugan dago, gure jarreran. Hemen dago, preseski, Hnuy-n funtsezko lekua betetzen duen bidaiaren bidaia etengabearen, ikusiko dugunez metaforaren muina.

3.2. Baina goazen nahi baduzu, zabaldu belak, jaso aingurak, / abia gaitezen atako bandaruntz

Marinel korapiloak sailari bukaera ematen dion Itsas haizea izeneko poeman (139-140. or.) irakur ditzakegu, ele horiek.

Poema honek bidaiaren metaforaren aurrean jartzen gaitu, liburuko beste hainbatek bezala.

Adibide esanguratsuenak ez, hortaz, guztiak aipatzearren, poema horrekin batera Untzigintza, Itsasoko nabegazioak, Moilarik moila, Faroaren talaia, Marinel batzu eta Bizitzen jakitea ere aintzat hartzekoak ditugu.Aipatutako poema horien artean, Marinel batzu izenekoa Marinel Zaharrak poema-liburuan ere agertzen da. Atal honetan aurrera hizpide izango ditugun beste zenbait poemarekin ere gauza bera gertatzen da. Gorago esan dudan bezala, bidaiaren metafora zein bere oinarrian dauden planteamenduak ez dira Hnuyren berrikuntza, bertan indarturik daudela uste badut ere.

Esan berri dudanez, metafora honek funtsezko lekua betetzen du Hnuy-n, ez bakarrik errekurrentea delako, baizik eta, are gehiago, goian zabaldutako galderen aurrean Sarrionandiak planteatzen duenera hurbiltzeko makulu benetan baliagarria delako.

Hain zuzen ere, erantzuna gure jarreran dagoelako goraxeago iradokitakoaren haritik poemok bidaiatzen jarraitzeko gonbitea luzatzen digute; hau da, bidaiaren metaforaren bidez, dei egiten digute bizitzaren edozein eremutan aurrera egin dezagun.